Euskaraz amets egiteko. Zure euskara mailara egokitzen diren liburu batzuk

2016-04-25

Sailkatu gabe

euskara liburuak, hizkuntzak

Elkarbanatu:

Txiki-txikitatik, eskola garaietatik, irakurtzea oso garrantzitsua dela esaten digute. Gogoratu eskola garaiak! Seguru zeuk ere baduzula gustuko izan zenuen liburu bat. Neurea “Ortzadarra sutan” izan zen. Orain publikoki hau esateak lotsa pixka bat ere ematen du, baina kontuan hartu gaztetxoak ginela.

Irakurketak funtsezko garrantzia dauka hizkuntzen ikasketa prozesuan. Horregatik, bai&by-k euskarazko liburu batzuk partekatu nahi ditu zurekin. Liburu hauek mailaz maila antolatu ditugu zuri hautaketa errazteko. Zein maila daukazun jakin nahi baduzu gure mailaketa proba egin dezakezu. Liburu gehienak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean aurkituko dituzu eta, ziur asko, mailegu digitalean ere bai.

Hona, aste honetako proposamenak:

A1 maila

Lamia

Egilea: Josu Lartategi.
Sipnosia: Kontakizun honetan lamia gazte baten ibilaldia ezagutuko duzu. Kostaldetik barrualdera joango da, kaio baten laguntzaz, erreka garbiei zerbait oso arraroa gertatzen ari zaielako: urek kolore gorria dute.
Orrialde kopurua: 48.
Argitaletxea: Aizkori.
ISBN: 9788482631011

Borrokalari argitsuak (+CD)

Egilea: Miren Agur Meabe.
Sipnosia: Zenbait emakumeren eta horien lagunen, bikotekideen, senideen… arteko harremanen berri ematen digu liburu honek. Pertsonaia guztiak dira borrokalariak: aurrera egin nahi dute, bakoitzak bere bizitza menderatzeko.
Orrialde kopurua: 72.
Argitaletxea: Elkarlanean.
ISBN: 9788415337928

A2 maila

Gladiadore euskaldun bat Erroman

Egilea: Xipri Zarraga.
Sipnosia: Aurkari guztiak garaitzen ditu euskal mendietatik ekarritako esklaboak, guztiei mozten die lepoa eta publikoari erakutsi. Zirkuko ikusteen heroia da. Muxkildiren amets bakarra, ordea, hau da: egunen batean libre izan eta Auñamendira bueltatzea, bere sorterrira.
Orrialde kopurua: 64.
Argitaletxea: Aizkorri.
ISBN: 9788482631110

Katu beltza

Egilea: John Milne.
Sipnosia: Ekintzaz betetako detektibe-istorio moderno honen protagonista Salahadin el Nur polizi inspektorea da. Egipton europar arkeologo bat hilda agertu denez, balio handiko estatuatxo bat berreskuratzeko ikerketak hasten ditu Salahadinek. Laster jarriko da nazioarteko kontrabandista batzuen atzetik.
Orrialde kopurua: 84.
Argitaletxea: Elkarlanean.
ISBN: 9788493957346

B1 maila

Txernobil txiki bat etxe bakoitzean

Egilea: Ander Izagirre.
Sipnosia: Urte hartan Julia Bondarenkok 13 urte zeuzkan, eta Igor Balantxuk soldaduak 28. Biak dira liburuko protagonistak. Gaur egun, Txernobilgo umeak urtero datoz Euskal Herrira, eta egonaldi hori antolatzen duen elkarteko bateko kideak dira Julia eta Igor. Juliak erreportaje bat idatzi nahi die hemengo familiei 1986ko istripuaz, eta Igorri eskatu dio laguntza.
Orrialde kopurua: 80.
Argitaletxea: Gaumin.
ISBN: 9788494241727

Zenbat lur behar ditu gizon batek?

Egilea: Lev Tolstói.
Sipnosia: Nekazariak bizi osoa emango du liburu-azalean datorren galderari erantzun nahian.
Orrialde kopurua: 70.
Argitaletxea: Cenlit ediciones.
ISBN: 9788496634756

B2 maila

Gabriel Aresti bioGrafikoa

Egilea: Adur Larrea.
Sipnosia: Larrea Arestiri buruzko bibliografia irakurtzen hasi zen, eta sekula bukatuko ez zuela ohartuta, Arestiren familiarengana jotzea erabaki zuen. Komikiak orduko Bilboko giroa islatzen du, neurri batean. Eta giroa erdalduna zenez eta bera euskaldun berria, pasarte zenbait gaztelaniaz datoz.
Orrialde kopurua: 100.
Argitaletxea: Erroa.
ISBN: 9788494321603

Ijitoen altxorra

Egilea: Aitor Arana.
Sipnosia: Zurrunbilo batean sartuta dago Teresa, 13 urteko neska ijitoa. Ikastetxez aldatu dute, amona hil berri du, gustatzen zaion mutilak ez dio kasu zipitzik egiten, baina beste ikaskide atsegin batek, Tomasek, ordea, bai.
Orrialde kopurua: 152.
Argitaletxea: Ibaizaba.
ISBN: 9788491061243

C1 maila

Robbie eta beste kontakizun batzuk

Egilea: Isaac Asimov.
Sipnosia: 1992an hil zen Asimov zientzialari, zientzia-dibulgatzaile eta idazlearen lau ipuin dituzu, irakurle. Asimoven literaturan robotak maiz ageri dira, eta Robbie da horietako bat, robot xarmanta, Gloria neskatila zaintzeaz arduratzen dena, baina neskaren amak lortuko du alaba eta robota aldentzea elkarrengandik.
Orrialde kopurua: 129.
Argitaletxea: Vicens-Vives.
ISBN: 9788468219769

Katu beltza eta izumenezko beste ipuin batzuk

Egilea: Edgar Allan Poe.
Sipnosia: Beldurrezko 8 ipuinek osatzen dute liburua. Katu beltza da aurrenekoa eta hor edanari emandako senar batek etxeko katua hiltzen du, baina beste katu bat azaltzen da mendeku gose.
Orrialde kopurua: 150.
Argitaletxea: Vicens-Vives.
ISBN: 9788468219721

C2 maila

Ezer gabe hobe

Egilea: Itxaro Borda.
Sipnosia: Nobelako protagonista europarra da, izentzat Sigma eman zaion baionarra. Bi frontera igaro beharko ditu klandestinoki: lehenbizikoa Londreserako bidean, afrikar bati laguntzen; bigarrena Kaliforniara bidean, Mexikoko adiskide batzuekin iparralderantz doala.
Orrialde kopurua: 213.
Argitaletxea: SUSA.
ISBN: 9788492468133

Etiopia

Egilea: Bernardo Atxaga.
Sipnosia: Utopia eta Etiopia hitzekin egindako hitz-jokoaren emaitza da poema-liburu hau. Utopia ezin du jendeak lortu, Etiopiara heldu bai. Liburua bidaia moduko bat da, infernura jaistea bezala.
Orrialde kopurua: 105.
Argitaletxea: Erein.
ISBN: 8475680194

Proposamen bat: sar ezazu zure poltsan gustukoen duzun liburua. Egunero irakur ezazu zatitxo bat. Hogeita bat egun pasatu ondoren, irakurtzea ohitura bilakatuko da. Baietz!

Blogera itzuli

Elkarbanatu:

Erlazionatutako beste bidalketa batzuk

Onlineyu!

Cambridge-ren First eta Advanced eta HABEren maila guztiak.

Cambridge eta HABE prestatzeko ikastaroak DOAN matrikularekin. Eta gainera, 1.200 €rainoko bekak lor ditzakezu. Kontsulta iezaguzu.

Jarri gurekin harremanetan orain