2016-10-13
Ikasi euskara
Elkarbanatu:
Euskara birao edo irainik gabeko hizkuntza dela esan ohi da, hau da, euskaraz ez dagoela «takorik». Sineskeria hori dela eta, nahiz eta gure eguneroko bizitzan euskara erabili, sarritan gaztelaniara jotzen dugu berotzen garenean. Badira, ordea, birao izugarriak euskaraz, blog bidalketa honetara guri gehien gustatzen zaizkigunak ekarriko dizkizuegu.
Sarritan, iraintzeko esapideak nork bere lan edo bizi-ingurunetik ateratzen ditu. Euskaraz oso arrunta da pertsonak animalia edota landare izenak erabiliz juzgatzea. Hau, batez ere, nekazari-giroan gertatzen da. Arrantzale-munduan, berriz, arrainak erabili ohi dira pertsonekin alderatzeko.
Esate baterako, nekazari batek pertsona inozo bati honela deituko lioke: “Hi haiz hi babalorea!” edota “Zuk dena sinesten duzu, arbi-lore horrek!”. Leloa edo tontolapikoa dela esateko, honela esango lioke: “Zer dakizu, bada, zuk, azaburu horrek?” edota “Zaude isilik, artaburu alaena!”. Jenio txarra duenari edo pertsona petralari: “Kontuz horrekin, pipermin hutsa da eta!”.
Abereekin beste hainbeste irain daude, eta landareak edo abereak ezagutzea baino ez dago irainak zeinen adierazgarri diren konturatzeko. Badakizu nolakoa den zapo arraina? Bada, arrantzale batek “Zapoa!” deituko balizu, argi ibili! Lagun “papardorik” daukazu? Bada, hau ere arrantza mundutik datorren iraina da, papardoa arrain haragijalea da, baina nahiko inozo eta motela.
Baina hizkuntzek etengabeko aldaketak jasotzen dituztenez, eta gizarte modernoak nekazal eta arrantza guneetatik atera ahala, irain berriak sortzen dira etengabe. Irain berri hauek sexu eta pertsonaren itxurarekin lotzen dira sarritan, eta badira ere gaizki ikusitako gizakien ingurukoak edo irain sexistak eta arrazistak ere, baina azken bi hauek ez ditugu hemen jasoko, are gehiago, ez erabiltzera gonbidatzen zaituztegu.
Izan ere, goian aipatu bezala, euskara bizirik dagoen gune desberdinetan euskaraz irain berriak sortzeko joera dagoela komentatzen digute ahotsak.eus-eko “Gazte gara gazte” proiektuko elkarrizketa honetan.
Bukatzeko bi esteka. Lehena, bitxikeria gisa irainak sortzeko Josu Mendicutek eibar.org blog komunitatean proposatzen duen metodo erraza. Bigarrena, Argian-n Imanol Epeldek jasotako irain zerrenda luze hau.
Hauek izan dira gure proposamenak, jakin badakigu zuek ere irain desberdinak entzun dituzuela edo herrian irain propioak erabiliko dituzuela, beraz, ez lotsatu eta gurekin elkarbanatu blog bidalketa honen iruzkinak erabiliz.
Euskaraz iraintzeko aukerarik ez daukagula pentsatzen jarraitzen duzue?
Blogera itzuliElkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk