2020-03-24
Ikasi euskara
Elkarbanatu:
Kale hutsen eta balkoi beteen aste hauek gogorrak izan dira eta izango dira; izan ere, koronabirus-ak sortutako ezohiko egoera honek datorren asteotan etxean egotera behartuko gaitu. Baina, noski, ahal dela gure bizitzekin jarraitu behar dugu. Euskara bai&by-n ikasten ari direnentzat itxialdi honek ez du arazo bat suposatuko. Izan ere, dakizuen moduan, bai&by-n telelana aukeratu genuen gure ikasle eta lankide guztien osasuna bermatzeko eta gure zerbitzuen % 100 bermatuta dago: on line sistema adimenduna, tutoretzak, urrutiko eskolak, zentroko eskolak, in Company eskolak… denak telefonoz, Internetez edo Skypez egiteko aukera dago.
Itxialdia dela eta, ikasle ororentzat euskara ikasteko lagungarri izan daitezkeen baliabide osagarriak aurkeztuko dizkizuegu. Izan ere, ondo begiratuta, berrogeialdia euskara ikasten jarraitzeko edota ikasteari ekiteko aukera bezala ikus daiteke.
Kultura Sailak larrialdi egoera honetarako Jaurlaritzaren eLiburutegi digitalerako sarbidea erraztu duela aprobetxatuz, horixe da egin behar dizugun lehen gomendioa. Izan ere, joan den astetik aurrera nahikoa da e-mail bat bidaltzea erabiltzailea eta pasahitza lortzeko. Horretarako liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus e-posta helbidera idatzi behar duzu. Filmen katalogoa.
Argiak ere badu bere multimedia kanala, eta bertan aurkituko duzun eskaintza oso zabala izateaz gain, paregabea da. Hemen ere askotariko gaiak jorratzen dituzten laburmetraiak, dokumentalak eta bestelako multimedia aurkituko duzu. Besteak beste 222 film labur edo 946 erreportaje.
Eta gomendio zehatzak behar badituzu, bi emango dizkizugu: Kartzela webseriea, arnasguneetako hainbat gazte BEC-en harrapatuta gelditu ostean, haien tirabirak kontatzen dituena. Eta Euskal Herriko satira politikoaren trilogia gaurkotua Ataun of the dead, Joxean´s hil eben eta Napardeath. Bata zein bestearekin barrez lehertuko zara.
eLiburutegitik alde egin beharrik gabe, liburu elektronikoen katalogo ikaragarria aurkituko duzu, berauek ere maileguan eskatzeko. Askotariko gaiak eta mailak jorratzen dituzten liburuak dira, baina maila desberdinetara egokitzen diren zerrendak aurkitu nahi badituzu ikasbil-eus-en aurkituko dituzu.
Honetan ere gomendio zehatz bi behar dituzula? Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eta Karlos Linazasororen Hik ez dakik zer den beldurra. Baina euskarari denbora asko eskainiko diogunez, hirugarren gomendio bat onar iezaguguzu, Ngugi wa Thiongo idazle kenyarraren Gerra garaiko ametsak, gogorra da, baina bere gogorrean ederra.
Azken proposamen bezala, literaturarekin jarraituz, ezagutzen duzu Elegose irakurle taldea? Mastodon.eus gizarte sare digitalean elkartzen den irakurketa taldea da. Hilero-hilero liburu bat aukeratu, irakurri eta denon artean komentatzen dute. Egitasmo honek urtebete egin zuen otsailean.
Podcast-ak Internet bitartez nahieran kontsumitu daitezkeen irratsaioak dira. Asko eta asko profesionalak dira, baina badaude modu amateurrean norberak bere etxetik ekoizten duenik. Euskarazko podcast katalogo interesgarria aurkituko duzu podcastak.eus webgunean.
Guzti hauek zuon interesekoak izango direla uste dugu. Ezagutzen dituzue interesgarriak diren euskarazko beste baliabiderik? Hala bada, utzi iruzkin bat.
Blogera itzuliElkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk