Euskaraldia, 11 egun euskaraz

2018-07-24

Albisteak, Ikasi euskara

euskaraldia, euskera

Elkarbanatu:

Euskaraz hitz egiten badakizu? Hitz egiten jakin ez arren, ulertzen duzu? Bada, geure artean euskaraz egiteko gaitasuna daukagu. Zergatik ez saiatu?

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskara hutsean bizitzeko, hizkuntza-ohiturak astintzeko eta geure artean euskara gehiago egin eta entzuteko ekimena da Euskaraldia. Data horien artean euskaraz berba egiteko edo euskara ulertzeko gaitasuna daukagunon artean burutu nahi dugun ariketa praktikoa da. Konturatuko zinen zenbatetan egiten dugun gaztelaniaz edo frantzesez geure artean, nahiz eta sarritan elkarrizketan parte-hartzen dugun gehienok euskaraz jakin. Inertziak bultzatuta egiten dugun zerbait da, eta inertzia horiekin guztiekin apurtzeko aurkezten da Euskaraldia:

  1. Geure eguneroko harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzeko.
  2. Euskal Herrian euskaraz berba egiteko eta euskara ulertzeko gaitasuna dugun pertsonen kopurua uste baino handiagoa dela ikustarazteko.
  3. Norberaren esparru pertsonaletik, norberak hautatuta eta ariketa praktiko gisa, taldearekin batera, hizkuntza ohiturak aldatzeko.
  4. Euskara erabiltzeko lagun berriak topaketzeko eta gune eta testuinguru berriak sortzeko.

Bakoitzak bere inguruan, ohiko harremanetan, euskara hutsean bizitzeko ariketa praktikoa egiteko prest zaude?

Ziur gaude emaitzek harrituko zaituztena 😉

Nola burutuko dugu?

Euskaraldiako rolak

Bi rol prestatu dira Euskaraldiaren egunerokotasunerako, “ahobizi” eta “belarriprest”:

  • “Ahobizi” bazara euskaraz egingo diozu egunerokotasunean euskara ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta, aipatu bezala, ulertzen duen edonori. Ezagutzen ez dituzunekin ere, lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen badute… euskaraz jarraitu.
  • “Belarriprest” bazara euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu. Euskara ulertzen duzula adierazi beharko diezu horretarako. “Belarriprest” zarenez zure esku dago euskaraz edo erdaraz erantzutea. “Belarriprest” izateak ez dauka euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, hizkuntzarekiko duzun harremanarekin baizik!

Rol hauetako edozeinetan izena emateko Euskaraldiako webgunera jo behar duzu. Hemen daukazu “ahobizi” izateko informazio lotura, eta beste honetan “belarriprest” izateko informazioa.

Nor izan daiteke ahobizi?

Ahobizi

Edonor, beti ere, 16 urte baino gehiago badituzu eta… euskaraz ongi moldatzen bazara eta hamaika egunetan euskaraz ulertzen duen edonorrekin euskaraz berba egiteko konpromisoa hartu nahi baduzu. Edo, euskaraz erdizka moldatzen bazara, baina esfortzu txiki hau egiteko zeure burua prest ikusten duzu. Ariketa praktiko ederra izango da bai&by-ko ikasle guztiontzat 😉

Nor izan daiteke belarriprest?

Belarriprest

“Belarripresten” kasuan ere 16 urte baino gehiago izan behar dira. Euskaraz ongi moldatzen zara, baina gehienekin erdaraz egiten duzu eta zeure burua ez duzu euskara hutsean aritzeko prest ikusten. Edo euskaraz hitz egiten badakizu, baina ausartzen ez bazara. Edota euskaraz berba egiteko gai sentitzen ez bazara.

Ados, baina… zein herritan burutuko da Euskaraldia. Hona hemen mapa:

Euskaraldiako mapa

Bukatzeko, ez genuke blog bidalketa hau bukatu nahi euskaldun guztiak, bereziki geure ikasleak, ariketa praktiko paregabe honetan izena ematera animatu gabe.

Badakizu, gurekin euskarak 365 egun!

banner learn basquebanner learn basque

Blogera itzuli

Elkarbanatu:

Erlazionatutako beste bidalketa batzuk

Onlineyu!

Cambridge-ren First eta Advanced eta HABEren maila guztiak.

Cambridge eta HABE prestatzeko ikastaroak DOAN matrikularekin. Eta gainera, 1.200 €rainoko bekak lor ditzakezu. Kontsulta iezaguzu.

Jarri gurekin harremanetan orain