2021-04-22
Ikasi euskara
Elkarbanatu:
Seguru gaude gurekin ados egongo zarela: euskara ikastea lan eder bezain mardula da, baina, funtsean, zoragarria.
Euskara edo beste edozein hizkuntza ikasten hasten garenean, pixkanaka ematen ditugu lehen urratsak eta hasiera horietan, beldurrez komunikatzen gara. Ez al da hala? Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, eta irakasle birtualari zenbait ordu eskaini ondoren, pixkanaka geure buruaz fidatzen hasten gara. Gure ustez, momentu hori da, hain zuzen ere, hizkuntza baten ikaskuntza-prozesuko unerik politena.
Baina sinetsiko didazu esaten badizut euskaldun oso garenok ere, akats bat edo beste egiten dugula ia-ia egunero? Bada, onar dezagun egia, horrela da.
Gaurko artikulu honekin euskaraz egiten ditugun lau akats nabarmenenak saihesten saiatuko gara.
Ez dakigu oso ondo zein momentutan jarri zen modan “eskerrik” esatea euskaraz eskerrak emateko. Baina molde okerra da. Eskerrik, berez, ez da euskaraz existitzen eta eskerrak zuzen emateko “eskerrik asko” esan behar dugu. Edo nahiago baduzu, “mila esker”.
Donosti ez da existitzen. Eta zer esanik ez, Donos ere ez. Bietako bat ere ez da Donostia izendatzeko forma zuzena. Donostia a itsatsidunen zerrendako laguna duzu eta, beraz, honela deklinatzen da: Donostiatik, Donostiako, Donostiara eta ez *Donostitik, *Donostiko, *Donostira.
Zenbat aldiz ez ote zigun errepikatu euskara irakasleak zera hau… Nola esan “plazan ikusi zaitut” ala “plazan ikusi dizut”?; “Ekaitz ikusi dut” ala “Ekaitzi ikusi diot”?. Batetik, “nik Ekaitz ikusi dut (edo) ikusi nuen” esango dugu; hau da, Ekaitz ikusi dugula. Eta, bestetik, “nik Ekaitzi ipurdia ikusi diot” esango dugu, hau da, berari zerbait ikusi diogula.
Nauzu didazuren lekuan erabiltzea okerra da, eta sarri egiten dugun akatsa da. Molde hau sarritan erabiltzen da Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroako iparraldean, baina estandarrak zera dio: “Erosketak egitera joateko esan didazu” (zuk, niri, zerbait) eta ez “Erosketak egitera joateko esan nazu/nauzu”. “Emango al didazu musu bat?” eta ez “Emango al nazu/nauzu musu bat?”.
Eta zuk, zerrendatu ditugun akatsetariko bat egiten duzu? Besteren bat gehitu behar dugula uste al duzu?
Eskerrik artikulu hau irakurri izanagatik eta edukia gustukoa izan baduzu, harpidetu gure buletinera honelako gehiago jasotzeko.
Eneee, hau hutsegitea?: Eskerrik ez! Eskerrik asko!
Blogera itzuliElkarbanatu: