2017-03-08
Sailkatu gabe
Elkarbanatu:
Martxoaren 8a heldu da, ospakizun eguna 1911tik, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. bai&by-n egun hau ospatzeko zer egin genezakeen pentsatzen egon ginenean, gure ustetan erakargarria izan zitekeen ideia bat bururatu zitzaigun: bai&by-ko emakumeen esperientziak idatzi eta zuekin elkarbanatzea.
Asmo horrekin, sail desberdinetako emakume batzuekin hitz egin nahi izan dugu. Hortaz, gaurkoan zazpi emakumek hartu dute blog honen lema.
Hona, haien iritziak:
Marga Illaramendi didaktika saileko arduraduna da. Didaktika saileko arduraduna izateaz gain, bai&by fundazioko lehendakaria ere bada. Didaktika kontuetan aritua eta aditua.
Guk emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna dugu irizpide, genero-rolak baztertuz. Gurea irakaskuntza arloa da, eta egia da gehienak emakumeak garela, baina gizonezkoak ere badaude. Sexua edozein dela ere, lan-aukera eta lan beragatik diru-sarrera berberak eduki behar ditugu. Hori da funtsezkoa.
Mirian Garcia zerbitzu teknikoko CAU arduraduna da. bai&by-n lanean hasi den azken emakumeetakoa da, CAU teknikoko arduraduna. Memento ezin hobea da bai&by nola ikusten duen galdetzeko:
bai&by-n lan egiteko erabakia hartzera bultzatu zidan argumentu garrantzitsuetako bat, besteak beste, enpresako Hitzarmen Kolektiboa izan zen. Beste enpresa asko bizi izan ditut eta pertsona baino zenbaki bat zinela sentiarazten zizuten. Gurean, ordea, tratu pertsonala lehenesten da, pertsona erdigunean jarriz, nabaria da Hitzarmen Kolektiboan.
Soraya Calvo kontabilitate saileko arduraduna da. Gure beteranoa, enpresan urte gehien daraman langileetakoa baita. Kontabilitate saileko arduraduna izanik, soldaten inguruan duen iritzia emateko pertsona aproposa iruditu zaigu:
bai&by-n ez dago soldata desberdintasunik emakumezkoen eta gizonezkoen artean, eta hori modu oso positiboan baloratu behar dugu. Hau enpresa guztietan gertatu beharko litzateke, izan pribatu, zein publiko.
Iraide Diaz I+G saileko kidea da. Punta-puntako garapen teknologiko desberdinetan parte hartzen du. Berarekin emakumeak teknologian duen parte hartzeaz hitz egin dugu:
Unibertsitatean ikasketa teknologikoak egiten genituen neska gutxi ginen eta nolabait indar berezia egin behar dugu emakumea bertan txertatzeko. Bazenekien lehen programa informatikoa neska batek idatzi zuela? Londresen jaiotako Ada Lovelace.
Agian, Ada gehiago sortzeko bidean, ideia bi bururatzen zaizkit: alde batetik gaur egun euskal komunitate informatikoan dauden emakumeak lehen lerroan jartzeko ahalegin berezia egitea, PuntuEUS Fundazioak Martxoaren 6an egin zuen bidean. Bide horretan Deustuko Unibertsitatean kudeatzen duen Ada Lovelace eguna bezalako ekitaldiak sustatzeari ezinbestekoa deritzot. Bigarrenik, azkenaldian sustatu diren akanpada teknologikoekin jarraitu. Adin txikitik hasiz gero, baliteke nagusitzean ikasketa teknologikoak egitera animatzea. Hor dago gure erronka.
Noemi Casero zerbitzu zuzendaria da, berari bai&by-ko zuzendaritzari buruz galdetu diogu.
bai&by-n zuzendaritza taldean gehiengoa emakumeak izatearen egoera hau modu natural batean eman da, hau da, guk bilatu gabe. Baina aipagarria da proiektu honek, besteak beste, aukera-berdintasunaren irizpidea jarraitzen duela. Eta hau, bai&by-ko parte garen lan talde osoarentzat funtsezkoa da. Ardura postuetan emakumeak ere egon daitezkeela erakusten dugulako.
Andere Butron, sail komertzialeko arduraduna da. Enpresa askorekin harremanetan dagoenez, sail komertzialaren inguruko iritzia eskatu diogu.
bai&by-n lan arloan, pertsonaren profesionaltasuna goresten dugu emakumea zein gizona izan. Zerbitzu baten garapenean lan egiteko hainbat ezagutza eta baliabide izan behar dira, baina emakumezkoa edo gizonezkoa izateak ez du zertan eragin.
Gaur egun, geroz eta ohikoagoa da emakumeak ardura postuetan aurkitzea. bai&by-n emakumeak gara gehiengoa, baita erabaki organoetan ere, eta naturaltasunez ikusten dugun egoera da.
Itziar Zulueta Jarraipen taldeko arduraduna da. Berari bai&by-k emakumeen lan egoera hobetzeko hartu dituen konpromisoak beste enpresa batzuetara nola zabaldu daitezkeen galdetu diogu:
Garrantzitsuena borondatea da. Berdintasun plan bat abiapuntu izanda, kontratazioetatik hasita irizpide parekideak erabiltzea izan daiteke oinarria. Sail guztietan oreka mantendu, lan-aukera, lan-baldintza eta lan berarengatik soldata bera eskainiaz. Zuzendaritza postuetara iristeko irizpide parekideak ere ezarri behar dira.
Elkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk