2020-02-11
Ikasi euskara, Ikasi hizkuntzak
Elkarbanatu:
Inauteriak edo aratusteak, munduko herrialde askotan ospatzen dira eta esanahi ezberdinak aurkitu ditugun arren, gaur egun berezitasun propio bat dute: jendeak, etxeko mozorroa jantzi, jai-girora murgildu eta lagun artean igarotzen du eguna.
Euskal Herrian ere, baditugu gure ohitura bereziak eta Mundakatik Zuberoara zein Lapurditik Zalduondora, hainbat dira inauteri garaian gure kaleetara irtetzen diren pertsonaiak. Urtez urte, Zuberoako gazteek maskaradak plazaratzen dituzte eta Mundakako portuan ehundaka ahotsek abestutako “Aratuste, aratuste…” kanta entzun genezake.
Herri batzuetan hasi dira inauteriak ospatzen edo inauteri egunerako entseguekin lanean. Horregatik, eta pertsonaia guztiak azaltzeko astirik izango ez dugun arren, bai&by-tarron gogokoenak batu ditugu. Zein da guztien artean zuen gustukoena?
Euskal Herriko inauterietan oso ezagunak dira Mundakako atorrak eta lamiak. Atorrak, herriko mutilek osatzen duten taldea zuriz jantzita irteten dira kalera. Gitarra eta soinuarekin, herriko kaleak soinuz eta kantaz betetzen dituzte igande goizean, zuzendariaren esanak jarraituz.
Lamien taldea, ostera, herriko neskek osatzen dute. Jantzi beltza, ile-horia, aurpegi margotua eta koloredun zapiak janzten dituzte. Lamiek dantza eta kanta ezberdinak plazaratzen dituzte eta Mundakako kaleak arratsaldez girotzen dituzte.
Ituren eta Zubietako inauteriak bi herrietako gazteek aukeratzen duten astelehen eta astearte baten ospatzen dira. Gehienetan, urtarrileko azkenengo edo otsaileko lehenengo astean.
Joaldunak, Zanpantzarrak edo Ttuntturroak dira, zalantza barik, inauteri hauetako pertsonaiarik ezagunenak. Astelehenean Zubietako Joaldunak joaten dira Itureneraino eta, asteartean, Iturengoak dira Zubietara hurbiltzen direnak. Bide erdian bi herrietako Joaldun guztiak batzen dira, bidearen amaiera elkarrekin egiteko asmoz.
Jatorria janzkeran asma genezake. Iturengoek ardi-larru bikoitza eta zapi gorria janzten dute eta Zubietakoek, ostera, ardi-larru bakarra eta zapi urdina. Guztiek txanoa eta zintzarriak daramatzate. Zanpantzarrek gerria astintzean ateratzen duten hotsa da gehien gustatzen zaiguna.
Markitos da arabar inauterietan pertsonaiarik ospetsuena. Zalduondon jaioa, traje beltza, gorbata eta arrautza-oskolez egindako idunekoa darama. Mundakan bezala, igandean irtetzen da kalera eta egun osoan 6 metroko makil baten puntan jarrita egon ondoren, arratsaldean prozesio herrikoi eta zaratatsua joaten da haren bila.
Predikadorea, Kale-garbitzailea, Errauts-zabaltzailea, Hartza, Ardia, Atsoa eta Agurea dira Markitosen istorioan agertzen diren beste pertsonaia batzuk. Egunaren amaieran, Markitos erre eta taldeko guztiek bere inguruan egiten dute dantzan.
Nor ez da txikitan txatxoz mozorrotu? Astelehenean eta asteartean izaten da inauteri garaia Lantzen eta bertoko pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Txatxoak, Zaldiko eta Ferratzaileak dira.
Miel Otxin da eguneko pertsonaia nagusia, lastoz egindako eta hiru metroko altuera duen panpina izan ohi da. Txatxo batek sorbaldan darama. Txatxoen janzkera koloretsuak herrian zehar egiten dituzten dantzak alaitzen dituzte eta eskuan erratza eramaten dute. Ziripot, ostera, pertsonaia traketsena da. Ibili ezinean dabil eta makil baten laguntzarekin mugitzen da.
Egunaren amaieran, Txatxoek Miel Otxin epaitu, erre eta suaren inguruan dantzan egiten dute.
Unanuako inauterietako pertsonaia ezagunenak dira Mamoxarroak. “Ijoteak” izenpean ospatzen diren inauteri hauetan, herriko gazte eta txikiek berauek antzezten dituztenak. Igandean txikien eguna da eta 15-17 urte bitarteko mutilak irtetzen dira kalera. Asteartean, ostera, 17 urte gorakoen txanda helduko da eta afalostean, nagusiek hartzen dute lekukoa herriko plazan dantzan.
Kamiseta eta fraka zuriak, gerriko gorri edo beltza, kaskabiloz betetako larruzko zinta, koloreetako zapiak buruan eta burdinazko kareta bat eramaten janzten dute.
Folklorean godalet dantzak sortzen duen miresmena dela eta, Zuberoako Maskaradak ezinbesteko hitzordu bihurtu dira askorentzat. Urtero, Zuberoako herri bateko gazteek plazaratzen dituzte Maskaradak eta goizeko barrikadak eta arratsaldeko ofizioak antzezten dituzte.
Ospea duten bost aitzindariez gain, beste asko dira egunean zehar aurkitu ahal ditugun pertsonaiak: kukulleroak, marexalak, buhamesak, kauterak, xorrotzak, kerestuak, musikariak…
Zalantza gabe, arratsaldean ematen diren predikuak dira zuberotarrek gehien baloratzen duten unea. Familia beltzaren eskutik, gizartearekiko kritika bat lantzen baitute.
Badatoz gure herriak girotuko dituzten inauteriak eta gogotsu gaude. Zentroetan zirrara nabari da eta, laster, apainketa lanetan hasiko gara. Zeintzuk dira zuen inauteri gustukoenak?
Blogera itzuli
Elkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk