2021-07-06
Ikasi euskara
Elkarbanatu:
Hizkuntza bat ikasteko orduan, askotan hasten gara nobela eta pelikulak irakurtzen eta ikusten saiatzen. Komiki edo eleberri grafikoak ez dira hain ezagunak, baina oso erabilgarriak dira guretzat. Zergatik? Bada, normalean, testu gutxi izaten dutelako, eta irudiekin lagunduta testuingurua ondo ulertzen ahalbidetzen digutelako, gure ikaskuntza prozesua erraztuz.
Jakina da komikigintza eta eleberri grafikoen mundua ez dela hain ezaguna, urte askotan zehar, prestigio gutxi izan duelako. Azken urteetan bereziki lan ederrak utzi dizkigu euskal komikigintzak. Komikipedia.eus-en ikusi dezakezun bezala, gorantz doa ekoizpena:
2011 | 13 komiki |
2012 | 6 komiki |
2013 | 9 komiki |
2014 | 10 komiki |
2015 | 20 komiki |
2016 | 19 komiki |
2017 | 29 komiki |
2018 | 23 komiki eta 4 berrargitalpen |
2019 | 34 komiki eta 3 berrargitalpen |
2020 | 27 komiki |
Hona hemen bai&by-tik proposatzen dizkizuegun hiru komiki. Zuek baduzue beste proposamenik?
2014. urtean Black is Beltza komikia argitaratu zuen Fermin Muguruzak, Harkaitz Canorekin gidoilari bikote osatuta eta Dr. Alderete argentinar marrazkilariaren irudiekin. Hasiera batean Muguruzak animazio filma egitea pentsatu zuen, ondoren komikia argitaratzea erabaki zuen eta azkenean proiektu transmedia bilakatu da: komikia, diskoa, erakusketak, liburua…
Gabriel Aresti BioGrafikoa eleberri grafikoa Adur Larrea artistak marraztu eta idatzitakoa da. Gabriel Arestiren familiaren laguntza eta aholkularitza izan du Larreak eleberri grafikoa egiteko. Izan ere, bilbotar idazlearen izena eta bere lanak ezagutzera emateko Aresti idazlearen sendiak eta Zenbat Garak eratutako Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimena izan da biografia grafiko hau.
Erresistentzia da Joana Maizen gakoetako bat. Joseba Larratxe, ilustratzailea, eta Yurre Ugarte, idazlearen lehenengo nobela grafikoaren protagonistak, Joana Maizek, uko egingo dio euskal historia kanonikoaz diharduen gidoia filmatzeari, eta castingean baztertutako atsoa berreskuratuko du, bere bertsioaren ardatz bihurtzeko; etxetik kaleratua izatekotan den andre zaharra. Bizi-une ezberdinetan dauden bi antigona hauentzat, erresistentzia izango da jarrera askatzaile bakarra.
Euskal komikigintza bide berriak irekitzen ari da, eta etengabeko berrikuntzan murgilduta dagoen kultur espazioa izanik, seguru gustuko dituzun komiki bat baino gehiago aurkituko dituzula. Beraz, badakizu, animatu eta irakurri zure lehen eleberri grafikoa euskaraz!
Blogera itzuliElkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk