2021-06-10
Ikasi euskara
Elkarbanatu:
Hizkuntza bat ikasteko orduan, poesia hitz berriak ikasteko kultur sorkuntzarik aproposenetako bat dela kontuan izan behar dugu. Izan ere, hitz bakoitzak izugarrizko garrantzia hartzen du eta eskaintzen duen patxadagatik, behin eta berriro irakurtzea komeni da, ondo barneratuz hitz bakoitza.
Kultura guztietan bezala, oso antzinakoa da euskal poesiaren historia. Gurean, forma berezi bat izan du historian zehar, denok ezagutzen duguna. Bai, bertsolaritzaz ari gara. Bertsolari handiak eman ditu historiak, eta horiek izan dira euskal poeta modernoak: Bilintx, Uztapide, Basarri, Xalbador edo Lazkao Txiki, adibidez.
Euskaldun osoak izateaz gain, errimarako erraztasuna izan dute eta bat-batekotasunak ezaugarritzen ditu.
Baina euskal tradizioan topatuko ditugu ere, bertso tankeratik aldenduago ibili diren poetak. XX. Mendeko garrantzitsu eta aitzindarienak: Xabier Lizardi, Gabriel Aresti, Jon Mirande, JA Artze, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete, Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia. Lehen aipatutako bertsolaritzaren garrantzia azpimarratze aldera: aipaturiko idazle guztiek bertsoak idatzi izan dituzte.
Gaur egun poeta ugari ditugu euskaraz soilik idazten dutenak, eta gure poetek lan ederrak kaleratzen dituzte urtez urte.
Historikoak diren poetak alde batera utzita (Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe edo Bernardo Atxaga…), gaurkoan belaunaldi gazteago baten poesia liburuak gomendatuko dizkizuegu.
Hona hemen bai&by-tik proposatzen dizkizuegun hiru. Zuek baduzue beste proposamenik?
Susan 2019an kaleratu zuen Iñigo Astiz nafarrak bere bigarren poesia liburua. Honela dio liburuaren aurkezpen testuak: “Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak -batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak- zeharkatzen du Iñigo Astizen bigarren poema liburua.”
Castillo Suarezek bere jaioterrian, Altsasun, kokatu du bere azken poema liburua: 60 poemez osatutako Irauten. Bitxikeria gisa: egun bakoitzean bi poema idatzi zituela esan zuen idazleak eta poemen arteko lotura zuhaitzek egiten dutela. Natura eta herriak lotzen dituen lan zoragarria da.
Leire Bilbao ondarrutarra, poeta da beste ezeren gainetik. Haur eta gazte literaturan lan mordoa egina duen arren, bere bost poema liburuetan ageri zaigun ahotsa poeta landuarena da. Etxeko urak azken lanean amatasunari buruz dihardu. Berea eta bere amarena. Eta bide batez, gainontzeko guztiona.
Euskal emakume poeten antologia moduko bat kaleratu berri du Balea Zuria argitaletxeak. Zortzi ahots, zortzi emakume, zortzi poeta euskaraz: Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbaoren obraren printzak biltzeaz gainera, bakoitzak argitaratu gabeko bi poesia eskaintzen ditu. Euskal poesia maitatzen hasteko antologia aproposa!
Euskal poesia oparoa da, eta etengabeko berrikuntzan murgilduta dagoen kultur espazioa izanik, seguru gustuko dituzun poeta bat baino gehiago aurkituko dituzula. Beraz, badakizu, animatu eta irakurri zure lehen poesia liburua euskaraz!
Blogera itzuliElkarbanatu:
Erlazionatutako beste bidalketa batzuk