Udazkenerako euskarazko 45 esaera zahar

2019-09-10

Ikasi euskara

esaera zaharrak, euskara, hiztegia

Elkarbanatu:

Euskarazko atsotitz edo esaera zaharrak batzen dituzten orrialde asko aurki ditzakegu interneten nabigatzen dugunean, Atsotitzak, Wikiquote eta Euskaltzaindia dira, besteak beste, horren adibide. Hala ere, esaera zein atsotiz bakoitzak bere momentua duela uste dugu eta, horregatik, udazken honetan praktikan jartzeko erabilgarri izango dituzun esaera zaharrak zerrendatu ditugu. Ezagutzen al duzue besteren bat?

Eguraldiarekin lotura duten esaera zaharrak

Esaera zahar asko eguraldiari egiten diote erreferentzia. Hemen dituzu udagoieneko eguraldia aipatzen duten 20 esaera:

  1. Itsas gorri, haize ugari; itsas zuri, haize edo euri.
  2. Eguraldi ona, bera da praka, bera da gona.
  3. Armiarma lurrean, euria hurrean.
  4. Haize eta euri, azerien ezteiak.
  5. Urrila urri, ilunabarretan igarri.
  6. Eguraldi ona eta behorra mendian behera, hurrengo egunean elurra.
  7. Eguzki zuriaren ondoren, laino beltzak.
  8. Urriko hilberrian elurra ageri bada, zazpi ilberritan ikusiko duzu.
  9. Urrileko ilberrin, elurra Aizkorrin.
  10. Oiloak hauts artean, ekaitza duzu artean.
  11. Lohitzen gaineko leia, euria.
  12. Izotza beherapean, euria hiru egunen epean.
  13. Izarrak bakan zeruan, biharamunean eguraldi ona, orduan; izarrak zeruan ugari, hurrengo egunean euri.
  14. Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra.
  15. Iparra dagoenean, jaka soinean.
  16. Azaroa hotz, negua motz; azaroa bero, negua gero.
  17. Ipar euria, hogeita lau orduko euria.
  18. Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean.
  19. Eguzkia eta euria, Erromako zubia.
  20. Azaroko eguna, argitu orduko iluna.

Lana eta uztarekin lotura duten esaera zaharrak

Eguraldiaz gain, lana eta uzta zen antzinako baserritar eta langileen kezka nagusia. Gure aiton-amonek igorri dizkiguten hitzetan hori nabari da eta, zuretzako, 20 adibide batu ditugu:

  1. Gariak esan zuen: Ni bezalako belarrik ez da. Artoak erantzun zion: Ni naizen lekuan goserik ez.
  2. Elur urte, ezkur urte.
  3. Ezkurrik ez den urtean negua ezti.
  4. Hilaren hogeita zazpigarrena nolako, hurrengo hila halako.
  5. Kazkabarra teiletan, zorroa goiko errotetan.
  6. Irail azkeneko euria, ardo xahugarria.
  7. Udazkeneko zuzia (ziza), ase egiteko gauzia (gauza).
  8. Ezkur urte, sagu urte.
  9. Ilbeheran egonaz, ez ezak erein inolaz.
  10. Hostoak lurrera, garia lurrera.
  11. Urri erdi-euri, laborariak irri.
  12. Kurriloa behera, gari-hazi; kurriloa gora, olo-hazi; erein ezan baratzean azazi.
  13. Izotz urte, gari urte.
  14. Txinbilo (patxarana) urte, elur urte.
  15. Urrian bota ongarri, arabera uzta berri.
  16. Azaro, azaro; hazia erein eta itxaron.
  17. Ereiteko, abenduko hautsak baino azaroko lohiak hobeto.
  18. Azaroa loitsu, urtea garitsu.
  19. Udan negurako, neguan udarako, gogorik ez lanerako.
  20. Goraka antzarak, artzainak egun txarrak.

Bestelako esaera zaharrak

Eguraldia, lana eta uzta bezalako gaiez gain, badaude beste hainbat gairi buruzko esaera zahar. Hona hemen zenbait adibide:

  1. Ez da fida urriari, badakarke mafrundi (katarroa).
  2. Urria esan eta urria izan.
  3. Urria, usoen galgarria.
  4. Lantzerrak (lanbroak) iparrarekin zor handi bat du, eta hau etortzen denean lotsaz ihesten da.
  5. Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna.

Zerrenda luze honekin baduzu udazkenari ongi etorria emateko beste esaera. Urtaroa amaitzean, esango diguzu zein den gehien erabili duzuna.

Blogera itzuli

Elkarbanatu:

Erlazionatutako beste bidalketa batzuk

Onlineyu!

Cambridge-ren First eta Advanced eta HABEren maila guztiak.

Cambridge eta HABE prestatzeko ikastaroak DOAN matrikularekin. Eta gainera, 1.200 €rainoko bekak lor ditzakezu. Kontsulta iezaguzu.

Jarri gurekin harremanetan orain